Gotzon Elortza, 1923an jaiotako getxoztar zinemagilea izan zen, euskal zinemagintzaren aitzindaria. Bere film-dokumentalak euskaraz eginiko lehenak direla esan daiteke. Ereagatik Matxitxakora (1959), Aberria (Erria) (1961) eta Elburua Gernika (1962) izan dira bere lanak. Frankismoaren garaiko debekuen gainetik, zinemagintza amateurraren bitartez euskal hizkuntza minorizatua sustatzea lortu zuen.
Bere karrera zinematografikoaren abiapuntua, Le Monde (d.g.) egunkari frantsesean irakurritako hizkuntza minorizatuei buruzko artikulu batean aurki dezakegu:
“Ikus-entzunezko industriaren babesa jasotzen ez duten hizkuntza minorizatuak hiltzera kondenatuta daude.”
Hortik aurrera, irudiaren eta ikus-entzunezko industriaren botereaz jabetuta, euskal hizkuntzaren biziraupena bermatzeko egin zuen lan. Gure helburua, lan hau ezagutzea da, Elortzak euskal zinemagintzan bete zuen paperaz jabetzea. Horretarako, euskal zinemagintzan 50-60. hamarkadetan eman den garapena nahiz Elortzaren garaikideen lana aztertzera joko dugu, bai eta garaiko zinemagintza eta baliabideak ere. Bestetik, euskararen garapen prozesuan izan zuen eragina ezagutu nahi dugu.