50-60. urteetan Frankismoaren inposaketak gogor kolpatu zuen euskal kultura. Eta bertan arrakala bat egiteko asmoz azaltzen dira Gotzon Elortzaren lanak. Urte askotan Parisen erbesteratua egon zen arren, euskararen kezkak bultzatuta, 1960-64 artean Bizkaian barna aritu zen lanean, urte horietan 3 lan kaleratuz; Ereagatik Matxitxakora, Aberria eta Elburua: Gernika. Honen asmo nagusia Parisen zeuden Iparraldeko lagunei Hegoaldearen berri ematea izan zen. Geroago Avignon filmatuko zuen, Parisi buruzko euskarazko dokumentala izango zena.
Garai haiei jarraiki, 1960ko hamarkadan, Hego Euskal Herriko egoera politikoa oraindik zaila zenean, Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquetek elkarlanean filme luze serio bati eutsi zioten; Ama Lur. Horren helburua euskal identitatea berreskuratzea zen eta filme hau egiteko, diru bilketa egin zen herriz herri. Gaztelania nagusitu zen filmean, euskararen presentzia aspektu abertzale eta folklorikoetara mugatuz. Garrantzitsua da esatea film hau crowdfunding-ean aitzindari izan zela.
Lan gogorra zen filmen muntaia egitea Elortzarentzat, berak baitzeukan muntaia guztiaren karga. Hego Euskal Herrian filmak proiektatzeko arazorik ez zegoen, baina ondoren iristen ziren arazoak; Parisera Francoren diktadura iristen ez bazen ere, behin Euskal Herrira bueltatuta, atxilotu egin zuten, eta dokumentalen filmaketak eten behar izan zituen. Zorionez, azken 50 urteetan gauzak asko aldatu dira eta orain euskarazko filma ugari aurki ditzakegu; egindako lana ez zen alferrikakoa izan.
Gotzon Elortza zinemagileak zioenez, hizkuntza minorizatu batek ikus-entzunezko industriaren babesik jasotzen ez bazuen hiltzera kondenatuta zegoen, eta horrek bultzatuta grabatu zituen aurrez aipatutako hiru dokumentalak, euskaraz, noski. 16 mm-tan grabaturiko dokumental hauek DVDan ikusi daitezke gaur egun, Euskal Filmotekaren zaharberritze-lanari esker.