ONDORIOAK

Frankismoaren garaian zegoen kontrol politiko eta ideologikoaren ondorioz, Espainian, zine ekoizpenak ez ziren batere ugariak izan 50-60. hamarkadetan. Francoren diktadura gogorrak eta aplikatu ziren zentsura nahiz debekuek, zinemagileen aukerak erabat murriztu zituzten, hauek sormena garatu ezinda geratu baitziren. Izan ere, zehaztutako muga batzuen baitan egin behar zituzten filmak, zentsuraren baldintzen menpe.

Espainiaren irudia goraipatzea zen momentuko politika autoritarioaren helburu nagusia, eta noski, gaztelania, erabili zitekeen hizkuntza bakarra. Euskara bezalako hizkuntza gutxituek ez zuten lekua diktaduraren baldintzetan, eta ondorioz, ia ezerezean geratu zen jada txikia zen euskal ekoizpen zinematografikoa. 

Hala ere, Gotzon Elortza zinemagile amateurraren tankerako lanek izugarrizko garrantzia izan zuten garai haietan, hauek izan baitziren, debeku guztien gainetik, Euskal Herriaren irudi erreala erakusten zutenak, eta hauei esker, hurrengo belaunaldiek jakin ahal izan dugu nolakoa zen garaiko gure herria. 

Gotzonen lana goraipatu dutenak asko izan dira, izan ere, getxoztar delineantea Paristik etortzen zen bere emaztearen laguntzaz bertako irudiak filmatzera, lan guztian zehar esan dugun bezala, euskarak ikus-entzunezkoetan presentzia hartzeko helburuarekin, hizkuntza indartzeko eta garatzeko asmoz.

Hain zen handia hizkuntzarekiko zuen konpromisoa, bere seme-alabak aiton-amonekin utzi zituztela bere emazteak eta biok, hauek giro euskaldun batean hezi zitezen.

Berak egiten zuen estiloari dagokionez, Gotzonek Euskal Herriko txoko ezberdinak eta kostaldea erakutsi zituen batez ere, bere lanetan euskara izanik erabiltzen zen hizkuntza bakarra. Bere dokumentalek izaera propioa zuten, izan ere, munduan zehar egiten zen zinema modernistaren ildoari kontra eginez, Gotzonek estilo tradizionalari eutsi zion, bertako baserri eta herri giroa goraipatzeko asmotan.

Bere garaian, Gotzon artista moduan definitzen zuen asko egon zen arren, berak bere burua ez zuen artistatzat hartzen, baizik eta bere hizkuntza eta herria maitatzen eta honi biziraupena ziurtatzea helburu zuen pertsonatzat. Baina bere herriaz arduratzeak ere izan zuen eragina bere bizitzan, izan ere, Gotzon atxilotua eta torturatua izan zen Euskal Herrira bueltatu zenean, horrek agerian utziz zein nolako politika zen garaiko Espainian inposatua zegoena; muturreko Espainia zalea. 

Argi dago ikus-entzunezkoek berebiziko garrantzia ari direla hartzen urteak pasa ahala, eta Gotzon horretaz arin konturatu zen. Kontutan hartuta bere garaian zeuden baliabide gutxirekin, eta batez ere egoera politiko latzarekin, zein nolako lana burutu ahal izan zuen bere herria salbatzeko asmotan, gaur egun ditugun erraztasunak aprobetxatzea ezinbestekoa da euskara eta euskal kulturaren normalizazio prozesuarekin jarraitzeko.

Laburbilduz, ezin uka daiteke euskarari eta euskal kulturari eskainitako bizitzak bere burua eta bere ingurukoena baldintzatu zuela, eta ausardia hori mirestekoa da, bera bezalako pertsonak izan baitira gaur egungo Euskal Herriaren izaera definitzen lagundu dutenak.

Horregatik, guk ere Gotzon miresten dugu, eta erabat ados gaude Lopez-ek (2012) egindako baieztapenarekin: “Gotzon es una joya para el patrimonio cinematográfico de este país”.