IKERKETA APLIKATUA: METODOLOGIA ETA EMAITZAK

METODOLOGIA

Gotzon Elortza izan da gure ikerketa-lanaren protagonista. Lana burutzeko izan ditugun aste hauetan, bere ekoizpenari eta euskal kulturan izan duen eraginari buruzko ikerketa sakona egin dugu. Horretarako, iturri ezberdinetako informazioa jasotzen joan gara; zenbait liburu irakurri, bere dokumentalak ikusi eta zinemagintzaren alorrean adituak diren pertsonaiekin elkarrizketak izateko aukera izan dugu. 

Hala ere, liburu nahiz artikuluetan aurkitu ezingo genukeen informazioaren bila joatea erabaki genuen. Horretarako, sakoneko elkarrizketa batzuk burutzea erabaki genuen. 

Irakasleak utzitako asteaz baliatu ginen guri egokiak iruditu zitzaizkigun kontaktuak lortzeko, eta elkarrizketen eguna eta ordua zehaztu genituenean, elkarrizketatu bakoitzari egokitzen zitzaion galdera gidoiak egin genituen.

Hasteko, bere garaiko testuinguru sozio-politikoan nahiz zinemagintzaren historian sakontzeko elkarrizketak bilatzen hasi ginen, eta hala topatu genituen Santiago de Pablo (Historia Garaikideko Katedratikoa EHUn) eta Ion Lopez (Euskadiko Filmotekako zuzendari-kontserbatzailea). Biak, 50-60 hamarkadako nazioarteko nahiz Espainia eta Euskal Herriko zinemagintzaren gaineko informazio interesgarri ugari eman ziguten. Horrez gain, bere bizitza pertsonalaz ere jakin nahi izan genuen, bere alde intimoena ezagutzeko xedearekin, eta hori lortzeko, bere alaba den Bakarne Elortzarekin egon ginen.

Aurretik esan bezala, elkarrizketatu bakoitzarentzat gidoi desberdina prestatu genuen, elkarrizketa bakoitzetik atera nahi genuen informazioan oinarrituta. Hortaz, Lopez eta De Pablorentzat antzerako gidoiak egin genituen, 50-60. hamarkadan Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko egoerari buruzko galdera orokorrak, gaia momentu historikoan kokatzeko, eta ondoren, Gotzon Elortzari buruzko galdera zehatzak, bere bizitzari eta lanari buruz aztertzea baitzen gure egin beharraren muina. Egindako galderak:

-Nolakoak izan ziren euskal zinemaren lehenengo pausuak?

-Nolakoa izan zen 50-60 hamarkadetako zinemagintza Euskal Herrian, Espainia mailan eta mundu mailan?

-Zeintzuk izan ziren influentzia nagusienak?

-Nolakoak ziren erabilitako material eta teknikak? Baliabide nahikoak zituzten?

-Nola deskribatuko zenukete garaiko egoera sozio-politikoa Euskal Herrian?

-Zein zen urte haietan euskararen egoera? Nolako eragina zeukan zinemagintzan?

-Euskararen egoera hobetzea lortu al zen?

-Nor zen Gotzon Elortza? Nolako konpromisoa zuen euskarara eta euskal kulturarekiko?

-Zergatik esan ohi da euskal zinemagintzan aitzindaria dela?

-Zein eragin izan zuen euskararen sustapen eta garapenean?

-Euskal hizkuntzan fokatze horrek, ateak itxi zizkion zinemagintzaren munduan? Zein zailtasuni egin beharko zion aurre arrazoi horrengatik?

-Jasan zuen errepresiorik zinema euskaraz egitearren?

Bestetik, Bakarnerengandik informazio pertsonalago eta intimoagoa lortzea genuen xedetzat, beraz, gidoia pixka bat aldatu genuen:

-Nolakoa zen Gotzon? (izaera, jokaera, …)

-Zer nolako harremana izan zenuen berarekin?

-Zer eragin izan zuen zugan aita deserrian egon behar izateak?

-Egia al da Gotzoni lana bakarrik egitea gustatzen zitzaiola? Gogorra al zen berarentzat?

-Euskal Herriarekiko eta euskararekiko atxikimenduak bere bizitza baldintzatu zuela uste duzu? Eta familiarena?

-Zein eragin izan zuen jasandako errepresioak bere lanean?

-Zer kontatzen zuen bere garaiko egoera sozio-politikoaz? Gaur egungoarekin alderatzen zuen?

-Zeintzuk izan ziren zure aitak bere azken urteetan jorratutako lan eta gaiak? 

-Euskararen aldeko konpromisoarekin jarraitzen zuen, ala etsi egin zuen?

-Nolakoak izan ziren bere azken urteak, dokumentalen zaharberritzea eta errekonozimendua bizita? Eskertu zuen?

________________

EMAITZAK

Santiago De Pablo, Ion Lopez eta Bakarne Elortza elkarrizketatu ostean, galdera eta hauen erantzunak ondo aztertu eta hausnartu eta gero hauek izan dira Gotzon Elortza eta 50-60. hamarkadetako zinemagintzaren inguruko lan honetatik atera ditzakegun emaitzak: 

Zinema fenomeno unibertsal gisa definitu daiteke. Beraz hau dio Santiago de Pablok (komunikazio pertsonala) euskal zinemagintzaren hastapenaren inguruan: 
[...] Euskal zinemagintza munduko beste toki askotan bezala hasi zen. Zinema fenomeno unibertsal bat da. [...] Hasiera batean Euskal Herrian zinemaren hastapenei buruz hitz egin beharko genuke, ez euskal zinemari buruz. [...] 

50-60. hamarkadetan Hollywood-ek botere izugarria dauka mundu mailan. Eta horrela deskribatzen ditu Santiago de Pablok (komunikazio pertsonala) zinemaren urte haiek: 
[...] Ipar Ameriketako produkzioa gailentzen da gehienbat urte haietan. [...] Espainia mailan indar izugarria hartzen du zinemak. Frankismoaren zentsurak min izugarria egiten du, hala ere, honek ez du esan nahi pelikula interesgarriak ez daudenik. [...] Zinemagileek zentsura igaro eta kritika soziala egiten ikasi zuten. [...]

Frankismoan, beste hainbat diktaduretan bezala herrialdeak kanpora begira zeukaten irudia ahal beste zaintzeaz arduratzen ziren. Eta Espainia ez zen gutxiago. Beraz, 50-60. hamarkadetan Espainian egiten zen zinema horrelakoa zen Ion Lopezen (komunikazio pertsonala) arabera: 
[...] Espainiar estatu mailan egiten zen zinema frankismoaren filtroa igarotzen zuena zen beti. [...] Egiten ziren pelikula fikzio guztiak ezin zuten inoiz zentsura saltatu. Muxuak ez ziren ikusten, erreferentzia politikoak ezabatuta geratzen ziren. [...] Oso pelikula folklorikoak egiten ziren, saldu nahi zen Espainiaren irudi hori zen egiten zena. Zine inofensiboa, kostunbrista eta Espainia-zalea zen egiten zena. [...] 

Esan ohi da, hamarkada bakoitzak bere berezitasunak dituela. Zinema honetan ez da aparteko zerbait. Beraz Santiago de Pablok (komunikazio pertsonala) dioen bezala bereizketa bat egin behar da 50. eta 60. hamarkaden artean zinemagintzari buruz hitz egiterako orduan:

[...] 40-50. hamarkadak oso ilunak eta zailak dira zinema egiterako orduan. Kontrol politikoa ezin gogorragoa da. Euskal kultura edota hizkuntzaren aldeko ekimenak oso zailak izaten ziren hauek beti zentzu politiko batekin ulertzen zirelako. [...] 60. hamarkada aldiz, gehienbat hamarkada honetako azken urteetan diktaduraren zailtasunak kontutan hartuta kulturaren eztanda bat ematen dela esan daiteke. Ikastolak jaiotzen dira, musikak bere tokia hartzen du, eskulturak ere bai, Oteiza zein Txillidarekin. [...] Euskal pinturak ere garrantzi handia hartzen du, margolari talde ezberdinekin lau hiriburutan. Eta euskera batuaren sorrera. [...]

Ikus-entzunezkoak euskaraz produzitzeko gogoa izan zuen Elortzak. Hala ere, ezinbestekoa da jakitea euskara maite zuela. Bere alaba den Bakarne Elortzak (komunikazio pertsonala) dioen bezala: 

[...] Denekin lehenengo hitza beti egiten zuen euskaraz. Guztiei saiatzen zen konbentzitzen euskara ikasteko. Trenean euskarazko hiztegi bat hartuta joaten zen eta hitzak ikasten zituen. [...]

Bestetik, Gotzon Elortzak euskararekiko zeukan atxikimenduak asko baldintzatu zuen bere bizitza. Honengatik, garai haietan euskal herritar izan eta euskara maitatzeak konpromiso ezberdinak hartzera behartzen zintuela entzun izan dugu askotan. Hau horrela, estatu frankistaren errepresioa lehenengo pertsonan jasan behar izan zuten Gotzonek, bai eta bere familiak. Bere alaba Bakarnek (komunikazio pertsonala) honako hau zioen bere aitak (euskaldun konprometitu gisa) eta familiak jasandako jazarpenaren inguruan: 
[...] Baldintzatu du bere bizitza eta famili guztiarena ere bai, zeren konpromiso horretan familiako batzuk harago joan dira, nire ama eta nire neba errefuxiatuta egon ziren Iparraldean. Errepresioak eragin handia izan du, aita lehenengo aldiz egon zenean kartzelan 1968an izan zen muga pasatzen zuelako, zinema egitera etortzen zen. Atxiloketak egon dira, bera torturatua izan da ere bai. [...]

Askotan esan ohi da euskarazko lehenengo filmak Gotzon Elortzarenak izan zirela. Hala ere, Lopez-ek (komunikazio pertsonala) dio Elortzarenak ez zirela lehenak izan: 

[...] 1956an frantziar armadako jeneral zen AndrĂ© MadrĂ©-k egin zuen. Urte askotan kanpoan destinatuta egon zen eta zeukan herrimina arintzeko bere sorlekuaren inguruko film luze bat ekoitzi zuen . Gure sorlekua izena dauka. [...] 

Elortza heroi bat izan zen. Zinea euskaraz egin zuen lehenengoa izan baitzen. Horrela hitz egiten du beraz Lopezek (komunikazio pertsonala): 
[...] Euskal Herriko hegoaldean zinema euskaraz egin zuen lehena zela esan dezakegu. Gizon hori heroi bat izan zen euskal kulturarentzat. Beraz, garai haietan norbaiti euskaraz pelikula bat egin zitekeenik bururatzea, bururatze soil horrek meritu izugarria du. Garai haietan ez zitzaion inori bururatzen euskaraz egin zitekeenik zerbait. [...]

Elortza, garai haietako eta gaurkotasuneko teknologiekin oso trebea zela irakurri genuen. Hil zen arte gelditu gabe ibili izan zen, gauza interesgarri bezain bitxiak egiten zituen. Honela azaldu zigun bere alabak (komunikazio pertsonala): 
[...] Bera beti aritu da lanean ahal izan duen arte, ordenagailua erabiltzen hasi zen 80 urterekin, txoriak grabatzen zituen eta hauen kantuak definitzen egoten zen orduak eta orduak. [...]

Gotzon Elortza zinemagile amateurra izan zela argi gelditzen da. Bere helburua ez zen ordea haratago joatea. Ondo azaltzen du Ion Lopezek ondorengoa: 
[...] Ezberdintzen zion gauza bat da bera ez zela zinemagilea. Ez zeukan mediorik ezta inolako baliabiderik. [...] Gotzonek ez zeukan azpiegiturarik. Bera, emaztea eta kamara bakarrik ziren. [...] Gotzonen helburua ez zen izan zinemagile profesional izatea, soilik berak maite zuen hizkuntza sustatu eta aberria suspertzea. [...]
Gotzon Elortza pertsonaia oso garrantzitsu bat dela adierazten dute hiru elkarrizketatuek. Bakoitzak Gotzon era ezberdin batera ikusten dut. Alde batetik bere alaba dago, non bere aitaren lana baloratzeaz aparte famili guztiarena ere goraipatzen du. Beste alde batetik Ion Lopez dago, berarentzat Gotzon Elortza heroi bat da, aitzindari izatetik aparte. Eta azkenik, Santiago de Pablok duen garrantzia aipatzen du. Baina ez da filmen kalitatean zentratzen, baizik eta bere jarrera eta lan egiteko moduan.