Aurreko ostiralean, Ion Lopez Euskadiko filmatekako langilearekin hitz egiteko aukera izan genuen. Kazetaria ofizioz, betidanik zinearekiko afizioa izan duela aitortu zigun. Bertan, pelikulen kontserbazio arloan, digitalizazioan eta kudeatze lanetan aritzen da.
Euskal Herriko zineaz hitz egiten aritu ginen, eta berak esaten zigun oso garrantzitsua dela euskal zinea zer den jakitea. Beraien ikuspuntutik, euskal zinema "Euskal Herrian egiten den zinema; euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez. Euskal zuzendariak egiten duten zinema, eta zalantzarik gabe, euskaraz egiten den zinema" (Ion Lopez, komunikazio pertsonala, 2014ko maiatzaren 23a).
Euskal Herriko zinema orokorrean zinearekin hasi zela dio. 1895. urtean, Lumierre anaien inbentoarekin, gure kokapen geografiakoagatik erraz iritsi zen joera berritzailea Euskal Herrira. Donostia, Biarritz eta Bilbo bezalako hiri handietan zinematografo aretoak sortu ziren, eta bertan hasi zen zaletasuna. Ionek zioen, kontuan hartu behar dugula ordura arte jendea ez zegoela ohituta irudiak mugimenduan ikustera, beti geldirik ikusten baitzituzten argazkietan, margolanetan edo eta dagerrotipoetan. Beraz, asmakizun guztiz berritzailea izanik, erraz piztu zuen jendearen jakin mina.
Zine estiloari dagokionez, 50-60. hamarkadan mundu mailan estilo ugari jorratzen zirela esan zigun adituak: "Zineak zerbait ona baldin badauka da edozer gauza isla dezakeela pantailan" (Ion Lopez, komunikazio pertsonala, 2014ko maiatzaren 23a). Suspentsea, drama, komedia, zine beltza, bakeroen ingurukoak, bigarren mundu gerra... guztiek zuten presentzia.
Espainiaren kasuan, garaiko egoera politikoa kontuan izanik, zine folklorikoa egiten zen batik bat, bertako irudia saltzea baitzen helburu nagusia. Zine inofensiboa gailentzen zela aitortu zigun Jonek, kostunbrista eta Espainia zalea. Bestalde, Euskal Herriaren kasuan, ez zegoen inolako ekoizpenik garai haietan, eta horregatik hartzen dute berebiziko garrantzia egiten ziren grabaketa amateurrak, horiek erakusten baitzuten garaiko benetako Euskal Herria, zentsurarik gabekoa.
Ekoizpen amateur horietan berebiziko garrantzia eman zion Gotzon Elortza getxoztarrari. Gotzon Parisen bizi zen, eta delineantea zen ofizioz. Bera izan zen lehena euskaraz eginiko filmak sortzen, eta garai haietan hori pentsatze hutsak izugarrizko meritua ematen diola esaten du Jonek; Gotzon Elortza heroi bezala definitu zuen. Noizean behin etortzen zen Euskal Herrira, eta bertan filmatzen zituen batez ere Bizkaiko kostako planoak bere emaztearen laguntzaz, askotan guardia zibila atzean izaten zuelarik.
Gotzonek, euskara, hizkuntza minorizatu bat zen heinean, ikus-entzunezkoetan honi bultzadatxo bat emateko aukera ikusi zuen, eta bere herria bidai erreportai antzerako batzuetan erakusten du eginiko dokumental laburretan.
